Domeka, azaroak 22, San Zezilia Eguna da. Bigarren pintxo domeka egingo dute Elgetan eta pintxoekin batera musika izango da protagonista.
Aurreko astean epaimahaikoak taberna bakoitzean ondoen puntuatutako pintxoak eskainiko dituzte tabernariek euro bateko prezioan; taberna bakoitzak bana. Herriko sei tabernek hartuko dute parte, eta bezeroek pintxo horiek puntuatzeko aukera izango dute. Osagaiak asmatzen badituzte, berriz, zozketa batean sartzeko aukera izango dute.
Elgetan kantuan
Eta bigarren pintxo domeka alaitzeko Elgetan kantuan ekimeneko lagunek udazkeneko lehenengo hitzordua egin dute herrian. Taldea 13:00etan abiatuko da herriko plazatik. Asmoa da tabernaz taberna eta kalez kale ibiltzea euskal kantutegiko abesti ezagunak abesten. Jakinarazi dute ibilbidea honakoa izango dela: Iñaki jatetxea, Patxi taberna, Haizea taberna, Bolatokia, Maialde landetxea eta Espaloian kafe antzokia. Eguraldiaren arabera, plazan amaituko dute.