“Badira sei hilabete Bilduren udal gobernu berria abian dela, eta Gu Geu Elgeta Plataformak arduraz ikusten du Pagatza industrialdearekin lotuta ez hausnarketarik ez plangintzarik ez egotea”, adierazi dute Gu Geu Elgeta Plataformatik. Oposizioan dagoen talde politikoarendako “benetan da larria” Danon artian, danon herrixa prozesuaren barruko galdetegian “Pagatzari buruzko aipamen bakar bat ere ez egitea. Etorkizunean elgetarron ongizatea berma dezakeen arlorik garrantzitsuena industria jarduera da, eta benetan da tamalgarria Pagatzak oraindik dituen aukerak alperrik galtzea. Pagatzak plangintza eta kudeaketa serioak behar ditu agintaldi honetan. Bertan dauden enpresen beharrak zuzenean ezagutu behar dira eta enpresa berriak erakarri elgetarrentzako lanpostuak sor ditzaten”.
Gu Geu Elgeta Plataformatik jakinarazi dute saiatuko direla erronka horiek isla izan dezaten 2016ko aurrekontuan.
Udal gobernuaren erantzuna
EH Bilduko udal taldeak adierazi du Gu Geu Elgeta Plataformak parte hartu duela Danon artian danon herrixa prozesuaren definizio eta antolakuntza lanetan, “baita inkestaren nondik norakoak zehazten ere. Ez da inolako proposamenik egin inkestetan industriari buruzko galderarik sartzeko”, adierazi dute. Eta honakoa gaineratu dute: “JEZn alta emanda dauden herriko negozio guztiei —ez soilik Pagatzako industrialdean daudenei— eskutitz bat bidali zitzaien beraien iritziaz galdetuz eta ekarpenak egiteko bi asteko epea emanaz. Hasiak gara jada iritziak eta proposamenak jasotzen. Lehenengo harreman soil gisa ulertzen dugu pausu hau, etorkizunean harremana sakontzeko asmoa dugu-eta. Etorkizunean, orain arte egin dugun bezalaxe, aurrera begira egin beharrekoak guztion artean zehaztea eta erabakitzea da asmoa. Horretarako, borondatea eta elkarrizketa soilik behar dira-eta”.