Zapata zaharrak eskatu dituzte emakumeen kontrako indarkeria irudikatuko duen arte instalazioa egiteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko aza. 17a, 11:47
Zapata zaharrak gorriz margotuta emakumeen kontrako indarkeria salatzeko.

Gorriz margotu eta plazan ipiniko dituzte ikusgai azaroaren 25eko elkarretaratzean. Autodefentsa feminista tailerrak ere aurrera egin du hamar lagunek izena emanda.

Badator azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna eta Elgetako udal ongizate sailetik hiru ekintza iragarri dituzte: autodefentsa feminista tailerra, zapata gorriekin egindako arte instalazioa eta elkarretaratzea. Zapata zaharrak eskatu dituzte, eta liburutegira eraman behar dira barikura bitartean.

Arte instalazioa zapata gorriekin

Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzea deitu du Udalak azaroaren 25erako, eguaztena. Herriko plazan egingo dute, 18:30ean, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.

Horrekin batera, aurten, arte instalazioa egingo dute gorriz margotutako zapata zaharrekin. Ekintza honek 2009an Mexikoko Ciudad Juarezen Elina Chauvet artistak egindako arte instalazioa du inspirazio. “Ciudad Juarezen hiltzen zituzten emakumeak ikusarazi nahi izan zituen Elina Chauvet mexikar artistak. Emakumeak hil eta desagerrarazten zituzten eta sarritan zapatak bakarrik agertzen ziren, odolaren gorriz tindatuta. Esperientzia hori gurera ekarrita, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean Elgetako plaza zapata gorriz bete nahi dugu”, adierazi du ongizate zinegotzi Agurtzane Alkaldek. “Ekimena aurrera eraman ahal izateko herritarren parte hartzea eskatzen dugu erabiltzen ez dituzten zapata zaharrak liburutegira eraman, eta bertan propio jarri den kaxan uzteko (…) Koloreak ez du inporta gorriz gerora margotuko baitira”. Arte instalazioa 16:30etik izango da ikusgai plazan.

Kaxa hori azaroaren 20ra arte egongo da liburutegian, eta jasotako oinetakoak azaroaren 21ean, zapatua, margotuko dituzte gorriz. Margotze lan horiek gaztetxean egingo dituzte zapatuan, hilak 21, 11:00etan. Herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta. Zapata gorriak plazan ikusgai daudela egingo da elkarretaratzea azaroaren 25ean. “Mexikon bezala Elgetan ere indarkeriaz hildako emakumeak ikusaraziko dira zapata gorriak plazan jarriz”, esan du Alkadek.

Autodefentsa feminista tailerra

Bideberri mankomunitatearen eskutik Elgetako ongizate sailetik antolatutako autodefentsa feminista tailerrerako hamar lagunek eman dute izena. Emagin elkarteko kideek gidatuko dute zortzi orduko ikastaroa Herri Eskolako psikomotrizitate gelan. Bi saio izango dira; barikuan 17:30etik 20:30era, eta zapatukoa 09:00etatik 14:00etara. Antolatzaileek jakinarazi dute beste inor animatuz gero lekua dagoela oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak