Urtarriletik gaurko egunera bitartean 1.243 bisitari izan dira Elgetan dagoen Intxortako ibilbide tematikoaren bisita gidatua egiten. Udal arduradunen esanetan, eta salbuespen bat kenduta, aurreko urteetan ez da mila bisitarien kopurua gainditu.
Ikasleak gehienbat
Ikastetxeek eskatutako bisitek egin dute gora. Hain zuzen ere, aurten oraingoz 29 ikastetxe izan dira ibilbide tematikoa egiten. Gehienbat 16-18 urte bitarteko ikasleak etorri dira, eta jatorriari dagokionean hiru multzo handi bereizten dira: Debagoiena, Donostialdea eta Debabarrena.
Debagoieneko hamaika ikastetxe izan dira aurten bisita egiten, Donostialdekoak sei eta Debabarrenekoak bost. Gipuzkoatik 23 ikastetxe etorri dira, Bizkaitik bost eta Nafarroatik bat.
Udaberriko bisitariak
Ikastetxeek maiatza eta ekaina aukeratzen dituzte bisitan etortzeko, ikasturtearen amaiera. Hala, otsailean hiru ikastetxe izan dira Elgetako bisita egiten, martxoan zazpi, apirilean bi, maiatzean bederatzi, ekainean hiru, irailean hiru eta azaroan bi.