Danon artian, danon herrixa parte hartze prozesuaren lehenengo batzar irekia egingo du Elgetako Udalak, eguaztenean, hilak 18. Bertan, aurreko asteotan herritarrengandik jasotako ekarpenak partekatuko dituzte, eta baita profil eta adin ezberdineko herriko zazpi eragileri egindako elkarrizketa pertsonalizatuek emandakoa ere. "Banakako iritziak jaso ditugu orain arte, gai bakoitzaren inguruan herritarrek dituzten proposamenak eta ekarpenak", adierazi du parte hartze prozesuan gidari lanak egiten diharduen Agurtzane Loidik.
Iraitz Lazkano alkateak eskertu egin du herritarrengandik jasotako erantzuna. "Orain, prozesuaren bigarren urratsean murgilduko gara. Inkesten emaitzak aztertu, ekarpenak jaso eta etorkizunerako erronka nagusiak zehazte aldera bi batzar irekitan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu herritarrei", jakinarazi du alkateak. Lehenengo batzarra eguaztenean, hilak 18, egingo dute. Eta bigarrena hilaren 25ean. Biak 19:00etan eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan. "Zure iritzia ere ezinbestekoa delako, zatoz eta esan zer pentsatzen duzun!", adierazi dute udaletxetik.
Ekarpenak osatzea helburu
Danon artian, danon herrixa parte hartze prozesuan gidari lanak egingo dituen Agurtzane Loidik jakinarazi du helburua, orain, herritarrek egindako ekarpenak osatzea dela: "Helburua orain ekarpen horiek aurkeztea eta denon artean osatzea da. Garrantzitsua da iritzi eta profil ezberdinetako jendeak parte hartzea (...) Horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu eguaztenean, 19:00etan, udaletxean egingo dugun batzar irekian parte hartzera. Denok daukagu zer esana", gaineratu du.