Bihar azaroak 14, zapatua, Monolokos bakarrizketa sorta ikusteko aukera egongo da Elgetako Espaloian. 20:30etan hasiko da saioa.
Hiru umoristek hartzen dute parte komedia-saio honetan. Gorka Aginagalde, Ane Gabarain eta Iñigo Salinero aktore eta umoristek idatzitako bakarrizketak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. 35 minutuko bakarrizketetan gai ugarien inguruan hitz egingo dute umoristek, baina bakoitzak bere ukitua emango dio.
Eguneroko umorea
Bakarrizketek ez dute bata-bestearekin loturarik, baina denek hitz egingo dute egunerokotasunari buruz. Gabarainek, adibidez, funtzionarioei eskainiko die bere saioa. Aginagalde eta Salinero, aldiz, gehiago oinarrituko dira euren bizitzetako gertakizunetan, pasadizo bitxietan.
Estreinaldia Monolokosen
Elgetan eskainiko dute lehenengo aldiz Gabarain, Aginagalde eta Salinerok elkarrekin ikuskizun bat. Izan ere, Monolokos ikuskizunetan 10 umorista desberdinek hartzen dute parte eta saio bakoitza bakarra izaten da. “Allí abajo” telesaileko Ane Gabarain eta Alazne Etxebarria gehitu dituzte orain taldera eta Gabarainek gainera Espaloian egingo du bere bakarrizketaren estreinaldia.
Sarreren salmenta
Sarrerak aurretik erosi daitezke www.musikaze.com web atarian, 12 eurotan. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira Espaloiako leihatilan bertan 15 euroren truke. Bergarako Pol-pol tabernan ere salgai daude ikuskizunerako sarrerak.