Kultura sailetik jakitera eman dutenez ate joka dugu Elgetako VIII. Pintxo lehiaketa. Azaroaren 15ean jokatuko da Pintxo lehiaketa. Bina pintxo gertatuko dituzte tabernariek, eta epaimahaiak onena aukeratuko du. Hurrengo bi domeketan euro bateko prezioan eskainiko du nork bere pintxo onena, eta herritarrek botoa emateko aukera izango dute. Hala, sariak, musika... izango dira Elgetan azaroko azken hiru domeketan. Antolatzaileek adierazi dute ekimenaren helburua dela herria kolorez janztea eta tabernen bizitasuna suspertzea.
Txapelketa ofiziala, azaroaren 15ean
Tabernari bakoitzak bi pintxo aurkeztu beharko ditu lehiaketara, eta guztiek hartuko dute parte, seirek alegia. Aurten, garrantzi berezia eman gura diote Gatzagako gatzari. "Pote bat ekarri dugu eta parte-hartzaileen artean banatuko dugu. Eskatzen diegu pintxoak egiterakoan gatz hori erabiltzeko", azaldu du Kultura zinegotzia den Janire Lazkanok.
Epaimahaiko kideak tabernaz taberna ibiliko dira pintxo ezberdinak dastatzen. Lazkanok jakinarazi du, aurten, zozketa egingo dutela bisita horien ordena finkatzeko eta tabernari bakoitzari aurrez esango zaiola epaimahaia zein ordutan pasako den tabernatik. Epaimahaiko kideek baloratuko dituzte zaporea, itxura eta elaborazioa. Epaimahaiarendako ez ezik kalean erakusteko beste bi pintxo ere gertatu beharko dituzte tabernariek.
Lehenengo pintxo domekan Jainaga eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute Elgeta, 12:30etik aurrera. Sari banaketa 14:00etan izango da. Kalejiran eramango diote txapela irabazleari.
Herritarren saria
Hurrengo bi domeketan —azaroaren 22a eta 29a— botoa emateko aukera izango dute bezeroek eta Herritaren saria erabakiko da horrela. Tabernari bakoitzak euro bateko prezioan eskainiko du lehiaketara aurkeztu dituen bi pintxoen artean puntuazio handiena lortu duena.
Aurten ere, pintxoen osagaiak asmatzeko erronka luzatuko zaie bezeroei. Tabernari bakoitzak txakolin eta ardo botila bana zozkatuko ditu parte-hartzaileen artean. Pintxo onena aukeratzeko ekimenean parte hartzen dutenen artean, berriz, 30 euroko bonua zozkatuko dute irabazle suertatzen den tabernan erabiltzeko.
Animazioari dagokionean azaroaren 22rako Elgeta Kantuan iragarri dute, eta azaroaren 29rako bertsolariak: Manex Agirre eta Xabi Igoa, hain zuzen ere. Azken domekan, gainera, argazki lehiaketa egingo dute Elgetan.