Elgetako Udala murgilduta dago Danon artian danon herrixa izeneko parte hartze prozesuan. Helburua da herritarren ekarpenak jasotzea eta lehentasunak identifikatzea. Hala, etxez etxe banatutako galdera sorta, elkarrizketa pertsonalizatuak eta bi herri batzarrak iragarri ditu Udalak, azarorako. "Baliatuko dugu aukera agintaldiko plana egiteko, 2016ko aurrekontu proposamena ixteko eta parte hartzeko ordenantza egiteko", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak. "Praktika parte-hartzaile bat sustatu gura dugu, eta ordenantza izan dadila ondorioa". Prozesua herritar guztiei dago zabalik. "Interesgarria litzateke, noski, ahalik eta herritar gehienek parte hartzea eta ahalik eta ekarpen gehien jasotzea", esan du Lazkanok.
Galdera sorta etxez etxe
Aurreko astean banatu zuen Udalak Danon artian danon herrixa parte hartze prozesuaren gaineko informazioa, eta, horrekin batera, herritarrei betetzea eskatzen zaien galdera sorta, etxebizitza bakoitzeko bi. Astelehenean amaitzen da erantzunak aurkezteko epea. Udaletxeko sarreran eta liburutegian dauden postontzietan laga daitezke. Beste aukera bat da www.elgeta.eus udal webgunearen bidez betetzea.
"Gure helburua da herritar guztiek parte hartzea, baina, parte hartzea %10 bada ere, uste dugu Udalaren egitekoa dela hori sustatzea; parte hartu nahi duenari bidea eskaintzea, alegia (...) Noski, zenbat eta parte hartze handiagoa, orduan eta zilegiago izango da guretzat. Esaterako, %60 batek badio ez dakit zein udal zerbitzu txarto dagoela, ba, zer pentsatua emango digu horrek".