Hamaiketako batekin hasi dute goiza Elgetan Hondarribiako arraunlariek, eta sabela beteta, plazara gerturatu dira, aurten irabazitako ligako garaikurraz. Plazan aurreskua egin diete, eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan jarraitu du ekimenak. Goraino bete da aretoa, merezitako harrera egiteko. Alkatearen ongietorria jaso ostean duela hamar urte ekimena zelan sortu zen azaldu dute, eta Elgetako zaleek baieztatu dute Hondarribia sutsuki bultzatzen jarraituko dutela.
Elgetako alkatearen eskutik mimoz egindako oroigarria jaso dute Hondarribiako ordezkariek.
Hala, Hondarribikoen partetik ere esker berbak, elgetarren animuak traineruan igartzen dituztela aitortuaz: "Ederto doa eguna, sekula etortzeke nengoen eta harrituta geratu naiz egin diguten harreraz. Banekien taldean ohitura zegoela, baina ez nuen halakorik espero. Plazerra da Elgetan halako jarraitzaile taldea izatea", adierazi du Alex Udabek. Elgetakoen bandera berde handian sinadura bota dute egungo arraunlariek eta beteranoek, eta ekitaldiak plazan jarraitu du.
Omenaldia Jon Sarasketari
Omenaldi berezi batekin egin du goizak aurrera. Izan ere, musikaz eta dantzez lagunduta Jon Sarasketa elgetarrari omendla egin diote herritarrek. Sarasketak lagun askoren opariak jaso ditu, besarkadak banatu ditu, eta herritarren kantuak gidatu ditu, zuzendariaren makila eskuan. Aurreskua dantzatu ostean, eta hainbat abesti elkarrekin abestu ostean, familia argazki handi batekin amaitu da ekitaldia.
Jon Sarasketa argazkiaren erdian; besteak beste, Hondarribiako arraun taldearen elastikoa oparitu diote.