'Danon artian, danon herrixa' parte hartzeko prozesua aurkeztu du Elgetako Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko urr. 30a, 08:02

Herritarren iritziak jasotzeko postontzia udaletxe aurrean.

Herritarren eta eragileen parte-hartzea aktibatzeko hainbat ekimen burutuko ditu Udalak urrian hasi eta abendura bitartean. Elgetako Udaleko parte hartzeko batzordeak, denon artean herria hobetzeko aukera ez galtzeko eta prozesuan parte hartzeko deia egiten die herritarrei.

Parte hartzeko kultura sustatu gura du Elgetako Udalak. Garrantzitsua deritzo, baita ere herritarren iritziak, kezkak, nahiak eta proposamenak jasotzea. "Asmoa da ahal den neurrian jasotakoa Udaleko plangintzan eta aurrekontuetan kontuan hartzea", esan dute udaletxetik. Gaineratu dute Danon artian danon herrixa ekimenaren helburuen artean ere badagoela parte hartzeko prozesuak arrakastaz garatzeko ordenantzaren oinarriak lantzea.

Galdetegia, elkarrizketak eta batzar irekiak

Udal arduradunek azaldu dute herritarrei hainbat bide emango zaizkiela iritzia eman eta proposamenak egin ahal izateko. Lehenengo eta behin galdera sorta bat bidali dute herriko etxebizitza guztietara. "Prozesuaren gaineko informazioa emateaz gain, herritarrek inkesta betetzeko aukera izango dute eta udaletxeko harreran edo liburutegian egongo diren postontzietan azaroaren 9a baino lehen utzi beharko dute. www.elgeta.eus webgunean ere zintzilikatuko da,
Facebook-etik ere lotura zabalduko da, eta beraz ordenagailuz inkesta betetzeko aukera ere izango dute herritarrek", eman dute jakitera.

Horrekin batera Udalak elkarrizketak egingo ditu herriko hainbat eragilerekin, ordezkari politikoekin eta herritarrekin. "Iritziak jasotzeko eta parte hartzeko prozesuak arrakastaz garatu daitezen ordenantzaren oinarriak zehazten hasteko", adierazi dute.

Prozesuaren barruan, bestetik, bi herri batzar deituko ditu Udalak. Bata azaroaren 18an eta bestea 25ean. Biak izango dira 19:00etan eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Lehenengoan etxeetara bidalitako galdera sortaren emaitza aurkeztu, eta herriko diagnostikoa egingo dute. Bigarrena baliatuko dute Elgeta hobetzeko aurrera begirako proposamenak egiteko eta ordenantzaren oinarriak kontrastatzeko eta lantzeko.

2016ko aurrekontua zehaztuta dagoenean hirugarren batzar irekia egingo du Udalak, itzulketa saioa deiturikoa. Abenduaren 10ean izango da, 19:00etan, osoko bilkuren aretoan. Bertan, hurrengo urteetarako asmoak eta lehentasunak azalduko dituzte.

Banatuta daude Elgetako etxe guztietan Danon artian, Danon Herrixa prozesuari hasiera emateko inkestak. Internetez erantzun nahi izanez gero, honakoak dira loturak:

. Euskaraz hemen

. Ele bietan hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak