Badatoz Domu Santu Eguna eta Hildakoen Eguna. Iaz moduan, Maala guraso elkarteak antolatuta neska-mutikoendako prestatutako hainbat ekintza egingo dira Elgetan.
Gaur, eguena, kalabazak hustuko dituzte eskolako ganbaran, 19:30ean hasita. Eta, bihar, barikua, Karlista galduaren altxorraren bila antzezlana eskainiko dute seigarren mailako ikasleek. Herriko plazatik abiatuko da kontaketa 19:30ean, eta Mikelen eta Maritxuren arteko maitasun istorioa antzeztuko dute herriko neska-mutikoek. Misterioz beteriko istorioa da. Tartean dira arimak eta ezkutatuko altxor bat.
Antolatzaileek jakinarazi dute Herriko plazan amaituko dela kontakizuna, eta petardoak lehertu araziko dituztela amaieran.
Ekintzok lotuta daude Arimen Gaua ospatzeko ohiturarekin. Euskal Herrian ondo errotutako tradizioa izan da urteetan, eta kanpotik etorritako ospakizunen eragina gutxitzeko eta bertako tradizioak bultzatzeko ahalegina da.