Urriaren 12rako egin zuen lehenengo deialdia Udalak. Deialdi irekia izan zen eta proposamena zen Egoarbitzako herri lurrak auzolanean garbitzea. Hamalau herritar aritu ziren zeregin horretan.
Bigarren deialdia oso bestelakoa izan da: Karabietatik Iturbe-Etxeberri baserri ingururainoko bide bazterrak auzolanean garbitzea. "Bertan bizi direnak eta inguru horretan lurrak dituztenek jaso zuten deialdia", argitu du Iraitz Lazkano alkateak. "Berez, bide hori erabiltzen dutenek".
Zapaturako, hilak 24, egin zuten deialdia eta 20 bat lagun elkartu ziren auzolanean aritzeko. Udalak balorazio positiboa egiten du. "Kalkulatzen dugu hamar bat urtean egon direla bide horretako bazterrak garbitu gabe", gehitu du alkateak. Alkateak argitu du, dena den, 65 bat lagun zeudela garbiketa lan horietan parte hartzera deituak.