Hondarribia Arraun Elkarteko kideak Elgetara gonbidatu dituzten eguna aukeratu du herritar talde batek Jon Sarasketa herrikideari omenaldia egiteko.
Hondarribiko taldea 11:30ean iritsiko da Elgetara, eta urtero moduan osoko bilkuren aretoan egingo zaie harrera. Jarraian, etorriko da Jon Sarasketari eskainitako omenaldia. Plazan egingo dute ekitaldia 11:45ean aldera. Eguraldi txarra bada, Espaloian izango da.
Antolatzaileek aurreratu dute Sarasketarekin batera musika izango dela protagonista omenaldi ekitaldian. Oria eta Hondarribiko txarangak, Arrasateko dultzaineroak, Mausika txarangako zuzendari ohia eta Hondarribiko arraunlariek hartuko dute parte. Opariak jasoko ditu Sarasketak talde horien guztien eskutik.