Alargun gelditu da Beatriz Rico aktore ezagunak antzezten duen Patricia Montes, baina ez dago oso triste. Antzezlanak Mejor viuda que mal casada du izenburu eta umorezko bakarrizketa da. Protagonistak edertasuna, birjintasuna, amaginarreba... izango ditu hizpide 90 bat minutuko antzezlanean.
Konplexurik gabeko emakumeendako eta mota guztietako gizonezkoendako ikuskizuna dela adierazi dute antzerki konpainiatik. Barikuan, 22:30ean hasiko da emanaldia, Espaloian.
Hipnosi saioa, zapatuan
Zapatuan, berriz, hipnosi saioa izango dute Elgetako kafe antzokian. Jorge Astyarok egingo du 22:30ean. Domekan Sara Escuderok egitekoa zuen saioa bertan behera gelditu da.
Urriaren 31an, zapatua, Pez en Raya taldearen zigilupean datorren Mr Kebab antzezlana egingo du, Espaloian, Juan Callate aktoreak.
Azaroaren 7an, berriz, Bergarako musika eskolak egindako Mozkorra Parregarri opera komikoa ikusteko aukera izango da Elgetan. Sarrerak salgai daude aretoan bertan zein Bergarako ohiko lekuetan.