Etor Garate: "Materiala berria ekarriko dugu eta asmoa dut ikasturtean zehar ikastaro ezberdinak egiteko"

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko urr. 16a, 09:00
Etor Garate Elgetako gimnasioan.

Udal kirol teknikari berria da Etor Garate elgetarra. Ikasturte berriaren atarian da, eta azaldu digunez kirol eskaintzako jardueren artean harrera ona izan dute adinduendako gimnasia saioek, eskola kirola taldeek eta spinning saioek. GAP eta tonifikazio saioetara animatu gura ditu elgetarrak.


Jendeak gutxien ezagutzen dituen jarduerak gelditu dira zalantzan?
Baietz esango nuke. Ez ditugu ezagutzen edo uste okerra dugu. Tonifikazioan gorputz atal guztiak lantzen dira bolumena hartu barik tonu muskularra hobetzeko. Elastikotasuna eta arnasketa aparatua ere lantzen dira. GAP saioetan, berriz, gluteoak, abdominalak eta izterrak lantzen dira. Hasiera batean ariketa gogorrak izan daitezke, baina gorputza laster ohitzen da eta emaitzak berehala ikusten dira. Emakumezkoei zein gizonezkoei zuzendutako jarduerak dira biak.

Materialean ere badaude berrikuntzak, ezta?
Garbitu bat eman diogu gimnasioari. Material zaharra erretiratu dugu, eta dagoena txukun ipini dugu. Gainera, korrika egiteko zinta, ergometroa, eta atzera botatzeko aulkia ekarriko ditugu. Eliptikoa ere martxan jarriko dugu. Kontuan hartuta  entrenamendu plan pertsonalizatuak ere eskaintzen ditugula ondo etorriko dira.

Zer dira entrenamendu plan pertsonalizatuak?
Interesatuek nirekin egon beharko lukete eta dituzten beharren edo landu nahi dituzten gorputz atalen arabera entrenamendu plan pertsonalizatu bat prestatuko nieke. Hilabeterako esaterako. Norberak bere kabuz gimnasioan egiteko moduko ariketa sorta litzateke.

Eskaeraren arabera ordutegi eta jarduera berriak aztertzeko prest zaudete, ezta?
Talde bat sortzen bada goizez etorri nahi duena, edo beste jarduera bat egin nahi duena... ba prest gaude aukera horiek ere aztertzeko. Gainera, asmoa dut ikasturtean zehar ikastaro ezberdinak egiteko. Urtea amaitu aurretik mendiko bizikleta sartu nahi dut. Buruan dut baita ere adinduendako bizikleta ikastaroa egitea edo adin guztietako herritarrendako patinaje saioak antolatzea.

Herrian bertan kirol teknikari. Gustura hartu duzu zeregin berria?
Banabil lehenagotik beste kiroldegi batzuetan. Herrian bertan aritzea akaso gogo gehiagorekin hartzen duzu. Etortzen direnak nahiko ezagunak dira eta erakutsi nahi diezu kirola eginez nola hobetu daitekeen egunerokoa.

Egiten da kirola Elgetan?
Egiten da, baina apur bat modernitatetik kanpo nire ustez. Elgetan kirola da mendira perretxikoetara joatea edo Aixolako presara korrika egitera joatea. Bizikleta ere hartzen dugu Elgetan, baina falta dira GAP, tonifikazioa eta antzerakoak. Bakar batzuk egiten dute eta herritik kanpora irteten dira horretarako. Nire ustez jendea animatu daiteke antzerako jarduerak ezagutzera eta egitera. Geldirik ez egoteko eta gorputza sasoiko mantentzeko jarduera oso egokiak dira. Ez ditugu gihartsu egotearekin lotu behar. Eta neguan, batez ere, gimnasioak aukera handiak ematen ditu.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak