Oraingoan ere deialdi irekia egin du Elgetako mendi taldeak eta zabalik da izen-emateko epea bihar arte, hilak 15. Taldea 08:00etan abiatuko da herriko plazatik. Autoetan egingo dute Arantzazurainoko bidea eta hortik abiatuko da lauzpabost orduko mendi buelta. "Arantzazu eta Urbia inguruan betiko tontorrez eta bideez gaindi leku polit asko dagoelako aste honetako irteeran alternatiba dotore bat proposatzen dizuegu!", adierazi dute Kantsatzeke mendi taldetik. "Jende pilaketa handiak alde batera utzi eta Urbiara igotzeko Iturrigorriko bideaz gozatu ahal izango dugu".
Jarraian etorriko dira Peruaitz, Urkitza eta Zurkurutz tontorrak. "Peruaitzek eskaintzen dituen bista zoragarriek aho zabalik utziko dute bat baino gehiago, eta bertatik Urkitza eta Zurkurutz tontorrak ezagutzera abiatuko gara. Amaitzeko, Arantzazurako bidea hartuko dugu berriz ere amaiera gabeko pagadietan barrena. Azpimarratu behar da ibilbide honek udazkenari esker kolore erakustaldi edarra ematen duela".
Izena emateko jo udaletxera edo erabili kantsatzeke@gmail.com zein Facebook (Kantsatzeke). Prezioa da bost euro.