Elgetako Udalak aktak euskara hutsean bidaltzea legezkoa dela ebatzi du Donostiako Auzitegiak. Aurreko astean jakin zuten epaia Elgetako Udalean, eta albistea "pozik eta naturaltasunez" hartu dutela esan du Iraitz Lazkano alkateak. "Uste dugu gauzak horrela izan behar direla", gaineratu du. "Elgetako Udalean euskaraz funtzionatzen dugu. Euskara hutsean funtzionatzen dugu batzordeetan, udalbatzarraren bilkuretan... Orduan, logikoena da aktak hizkuntza horretan bidaltzea. Ez duena zentzurik da akta bat egin eta itzultzen ibiltzea bidaltzeko leku batera, non honezkero nahiko bitarteko izan duten euskara ulertzeko".