Bi ekintza zeuden iragarrita aste bukaerarako Elgetako kafe antzokian. Azkenean, baina, bakarra egingo dute; izan ere, produktoreak horrela erabakita, otsailaren 13ra atzeratu dute Rody Aragon pailazoak zapatuan egitekoa zuen Los payasos de la tele ikuskizuna. Antzokitik azpimarratu dute aretoarenak ez diren arazoak izan direla erabaki hori hartzeko orduan.
Sormena familian
Elorrioko Onditz Mendizabalek gidatuko du, domekan, Sormening tailerra. Bigarren bisita izango du Espaloira, eta jakinarazi du, aurrekoan moduan, jolasa, gozamena eta sormena landuko dituela.
Familian hartu behar da parte Sormening tailerretan: helduek eta umeek batera egiteko ekintzak proposatuko ditu Mendizabalek. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Antzokian edo sormening@gmail.com helbidearen bitartez egin behar da izen-ematea.
Tailerra 10:30etik 13:00etara izango da, eta prezioa da bost euro parte-hartzaile bakoitzeko.