Udalak jakinarazi du kirol eskaintzako jarduerak urriaren 5ean abiaraziko dituztela "taldeak osatzeko nahikoa jende bada". Astebete lehenago, ordea, saioetan doan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Helburua da izena eman aurretik herritarrei aukera ematea ekintzaren inguruko informazioa jasotzeko, irakaslea ezagutzeko eta jarduera gustukoa duten ikusteko.
Ate irekiak izango dira eguaztenean eta eguenean; irailak 30 eta urriak 1. Eskola kirola, erretiratuendako gimnasia, mantentze gimnasia (GAP), tonifikazio gimnasia eta spinning saioetan doan parte hartzeko aukera izango da. "Proba egin nahi duenak doan parte hartzeko aukera izango du, kiroldegian", adierazi dute udaletxetik.
Ekintzak kiroldegian izango dira eta egun eta ordutegiak honakoak:
. Eguaztena, irailak 30
16:30-17:30 Eskola kirola 1. eta 2. maila.
19:30-20:30 Mantentze gimnasia edo GAP
. Eguena, urriak 1
15:30-16:30 Erretiratuendako gimnasia
16:30-17:30 Eskola kirola 2. eta 3. maila.
17:30-18:30 Eskola kirola 4. eta 5. maila
18:30-19:30 Tonifikazio gimnasia
19:30-20:30 Spinning
Gaztelekua
Gaztelekuak datorren asteko zapatuan, urriak 3, zabalduko ditu ateak, eta martxora bitartean emango du zerbitzua zapatuetan eta domeketan, 16:00etatik 20:00etara. Udalak zabalik du izen-ematea. 2005ean edo hortik aurrera jaiotako neska-mutikoendako zerbitzua da, eta hileko kuota 25 euro da. Interesatuek udaletxean eman behar dute izena. Hobariak jasotzeko aukera dago. Unitate familiarraren 2014ari dagokion errenta aitorpena hartuko da kontuan.
Haurreskola
Eta Elgetako haurreskolan zabalik dute matrikula epe berria urriaren 1etik 9ra. Erabiltzaileek abenduaren 1ean hasteko aukera izango lukete. Gogoratu, bestalde, haurreskola %75ean beteta ez badago edozein unetan matrikula daitezkeela umeak.