Kirol jardueretan izena emateko epea zabalik du Elgetako Udalak; kurtsorako bonua atera daiteke

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko ira. 15a, 12:17
Elgetako Udalaren kirol eskaintza ikasturterako.

Bonuaren prezioa, azkenean, 350 euro da. Azterketa egin ostean, datorren astean argituko da udaleko kirol teknikari lanpostua nork beteko duen.

Udal gobernu berriak atzo banatu zuen etxez-etxe ikasturterako prestatu duen kirol eskaintzaren gaineko esku orria. Erabiltzaileek sei kirol jarduera izango dituzte aukeran: tonifikazio gimnasia, mantentze gimnasia (GAP), spinning-a, pilatesa, zumba eta erretiratuendako gimnasia.

Jarduera bakoitzak bere kuota du, baina Udalak kurtsorako bonua atera du. 350 euro ordainduta erabiltzaileek aukera izango dute nahi beste jardueratan parte hartzeko, beti ere aurrez jakinarazi ostean. Gainera, kirol teknikariaren aholkularitza izango dute entrenamendu plan pertsonalizatuak prestatzeko, eta kiroldegia zein squash kantxa erabiltzeko aukera izango dute, libre daudenean.

Neska-mutikoei dagokienean eskola kiroleko hiru talde aurreikusten dira ikasturte honetarako. Berrikuntza, hemen, 1. eta 2. mailako umeendako taldea da. Urteko kuota bakarra izango dute ekintzok; 50 euro.

Udal eskaintzako jarduerak urrian hasiko dira. Zabalik da izen-ematea udaletxean. Hobariak ere aurreikusten dira. Interesatuek udaletxean jasoko dute informazio gehiago.

Yoga, tai txi, musika eta arte tailerrak

Aurreko ikasturteetan moduan yoga eta tai txi saioak izango ditugu Elgetan. Eskolako ganbaran izango dira. Bestetik, trikitixa eta pandero eskolak, musika eskolak, eta zaintza/ludoteka/gazteleku zerbitzuak aurreikusten dira. Horietako gehienak martxan dira dagoeneko.

Ikasturte honetan berrikuntza dira Alazne Azkarate elgetarrak eskaintzen dituen haurdunaldirako zein haurrendako yoga saio bereziak. Maite Barrainkuak, bere aldetik, adin guztietarako arte tailerrak proposatzen ditu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak