Ekintzak beteta dator iraileko hirugarren aste bukaera. Goizera herri azoka, Intxortara igoera eta txorimalo lehiaketa antolatu ditu Udalak, eta arratsalderako sagardo eguna eta tortilla lehiaketa deitu ditu gaztetxeak.
Tortilla lehiaketa 18:00etan hasiko da, eta zabalik da izen-ematea liburutegian eguenera bitartean, hilak 17. Parte hartzaileen egitekoa izango da patata tortilla bana gertatzea, eta epaimahai batek aukeratuko du goxoena. Horrekin batera sagardoa izango da protagonista herriko tabernetan.
Azokari dagokionean Udaletik jakinarazi dute bederatzi nekazarik eta bi artisauk baieztatu dutela parte hartzea.