Garai gozoak bizi dituzte Hondarribia arraun elkarteko jarraitzaileek. Elgetan ere baditu jarraitzaileak traineru berdeak eta Salbador kaleko Patxi tabernan elkartu ohi dira. Gertutik jarraituko dute, domekan, Kontxako banderaren azken estropada. "Eguraldi onarekin edo txarrarekin, Donostian izango gara", ziurtatu dute. Egun pasa joango dira: estropada ikusi, ahal bada arraunlariekin batera garaipena ospatu eta bazkaltzera.
Txapela kentzeko moduko denboraldia
Mutilek txapela kentzeko moduko denboraldia egin dute, eta domekan polita izango litzateke Kontxako bandera irabaztea eta ospatzea. Eta bide batez bandera Elgetan ikustea, orain bi urte gertatu moduan. Gauzak estu daude, eta domekarako lehia handia aurreikusten dute Elgetako jarraitzaileek, baina badute itxaropentsu egoteko motiborik. "Esperantzarik ez da galdu behar. Nik uste hor ibiliko garela. Denboraldi ederra egin dute mutilek, eta merezi dute", esan du Segundo Urizarbarrena elgetarrak. "Gertatzen dena gertatzen dela ez digu inork arraunlariek egindako denboraldi zoragarria kenduko", gaineratu du Josu de Vegak.
Denboraldiko estropada ia guztietan egon da Elgetako ordezkaritza, guztietan ez bada. Galiziaraino ere bat baino gehiago joan da. Harreman estua dago arraun elkartearekin, eta Elgetan dagoen zaletasunaren jakitun detaile politak izan dituzte arraun elkartekoek. Horren adibide Patxi tabernan zintzilikatuta dauden oroigarriak. "Maillota Joseba Amunarrizek oparitutakoa da ligako patroi onenaren saria jaso zuenean. Txapela, berriz, Mikel Orbañanos entrenatzaileak eman zigun. ACT liga irabazteagatik eman zioten, eta hark guri", azaldu du Patxi tabernako Iñaki Gorostitzak.
Itsasoa eta kalea, erabakigarriak
Domekan erabakigarriak izango dira itsasoaren egoera eta zozketaz egokitutako kalea, eta detaile edo akats txikienak berebiziko garrantzia izango du.
Asko dago jokoan, baina Elgetako jarraitzaileek indartsu ikusten dituzte mutilak. "Oso umoretsu eta indartsu ikusten ditut ", dio Segundo Urizarbarrenak. "Itsasoarena eta kalearena suerte bat da. Eskatzekotan 3. edo 4. kalea eskatuko nituzke, eta ahal bada itsaso barea".
Iritzi berdinekoa da Iñaki Gorosabel elgetarra: "Ea zorte apur bat dugun kalearekin eta itsasoaren egoerarekin eta irabazten dugun. Liga eta Kontxa irabaztea izan litzateke, Champions-a irabaztea, Bartzelonak moduan!".