104 neska-mutiko espero zituzten, gaur goizean, Elgetako herri eskolan eta umeak ez ezik guraso, aitaita-amama eta senitarteko ugari gerturatu dira ikastetxera. Motxilak, amantalak, karpetak... batzuk aurrez prestatu dituzte. Beste batzuk, berriz, hurrengo egunetan hartuko dituzte lan horiek.
Hiru urteko gelatik 6. mailara arteko neska-mutikoek hasi dute gaur ikasturtea Elgetan. Bi urteko gelan sartzekoak diren 15 umeek bihar, eguaztena, hasiko dute egokitzapena.
Gogoratu jardunaldi trinkoa dutela eskolan lehenengo aste honetan. Haur Hezkuntzako ikasleek 12:30ean amaituko dute, Lehen Hezkuntzakoek 13:00etan eta jangelako erabiltzaileek 14:00etan.
Txirrinik ez
Ez dut txirrinik jo gaur goizean eskolan. Umeak formal asko egon dira beheko solairuan zain eta irakasleak bila etorri direnean igo dira nor bere ikasgelara. Gaur arte ez dute jakin ikasturte honetan zein ikasgela eta zein tutore izango dute. Ordutegia, material banaketa... Gauza asko argituko dira ondorengo orduetan.