Urrian hasiko dira Udalak eskainitako kirol jardueretako saioak. Udal Gobernu berriak aldaketa nabarmenak aurreikusten ditu: jarduera gehiago eskainiko dituzte, kirol dinamizatzaile bat kontratatuko dute eta erabiltzaileei hainbat ordainketa formula eskainiko zaizkie; tartean, urte osorako bonua. "Orain arte eman den kirol zerbitzua hobetzea eta kirol zerbitzu zabalagoa eskaintzea pentsatu dugu", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.
Lazkanok aditzera eman duenez, mantendu egingo dituzte aurreko ikasturteko jarduera guztiak eta gehituko dituzte pilatesa, tonifikazioa, 1. eta 2. mailetako neska-mutikoendako eskola kirola eta karatea.
Bestetik, Udalaren soldatapeko dinamizatzaile batek gidatuko ditu saiook, karatea salbu. Ekintza hori beste herritar batek eskainiko du. "Gezurra ematen du, baina zerbitzua ordu kopurutan bikoiztuta askoz ere merkeago ateratzen da. Orain arte 2.000 euro ordaintzen ziren astean bi eguneko jardunagatik. Gure gain hartzen dugu antolaketa, baina bitartekaria kentzen dugu eta bermatzen dugu ordaintzen den diru hori langile batendako dela".
Bonu bereziak
Orain arte moduan, ekintza bakoitzak bere prezioa izango du, baina Udalak bonu berezi bat ere aterako du. Urtean 300 euro ordainduta erabiltzaileek nahi beste jardueratan parte hartzeko aukera izango dute, eta sarrera librea gimnasiora, squash kantxara eta saunara.