Baserritarren azoka, Intxortara igoera eta txorimalo lehiaketa iragarri dituzte hilaren 19rako

Elgetako herri azoka, iaz.

Eguerdira arteko ekintzak izango dira. Arratsalderako Sagardo eguna antolatuko dute gaztetxetik. Biharamunerako, berriz, Vespa eta Lambretta motorren topaketa dago iragarrita.

Iraileko hirugarren aste bukaera ekitaldiz beteta dator. Udalak baserritarren azoka antolatu du eta azoka horretan postua ipintzeko interesa dutenek hilaren 7ra arteko epea dute udaletxean izena emateko.

Azokako postuak 10:30ean zabalduko dira. Bertan herriko produktuak erosteko aukera egongo da, eta pentsatzekoa da iaz moduan artisautza postuak ere ez direla falta izango. Azokaren bueltan, aurten ere, txorimalo lehiaketa eta Intxortara igoera jokatuko dira. 

Txorimalo lehiaketa

Txorimalo lehiaketan parte hartu gura dutenek 10:30erako ekarri behar dute txorimaloa plazara. Zutik mantentzeko euskarria beharko dute txorimalo guztiek. Hiru sari daude jokoan; lehenengo saria 50 eurokoa da, bigarrena 30 euroko, eta hirugarrena 15 eurokoa. Sari banaketa 13:00etan izango da. Iaz Errasti anai-arrebek eraman zuten lehenengo saria.

Intxortara igoera

Eta kirol zaleendako jokoan izango da Intxortako XIX. igoera. Hiru kategoria izango dira;12-16 urte artekoak, 16 urtetik gorakoak, eta bikote mistoak. Saria jasoko dute lehenengo hiru sailkatuek, eta sari berezia jasoko du 2013an Iñaki Egizabalek jarritako marka hobetzen duenak. Jaitsi beharreko denbora da 16'15''.

12 urtera artekoendako Salbador ermitarainoko joan-etorria antolatu dute. Iaz bost parte hartzaile izan ziren.

Zapatu arratsalderako sagardo eguna antolatuko dute gaztetxetik. Domeka goizerako, berriz, Vespa eta Lambretta motorren topaketa dago iragarrita.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.