Martitzenean, hilak 8, emango diote hasiera 2015-2016 ikasturteari Elgetako Herri Eskolan. 09:00etan joko du txirrinak, eta 104 neska-mutiko espero dituzte eskolan. Lehen astean goizeko jardunaldia izango dute, eta hilaren 11ra bitartean honakoa izango da irteera ordutegia: Haur Hezkuntzako umeendako 12:30ean, Lehen Hezkuntzako umeendako 13:00etan, eta jangelako erabiltzaileendako 14:00etan —lehen egunetik emango dute zerbitzua—.
Aurten, bestalde, 15 neska-mutiko sartuko dira bi urteko gelan. Horiek, eguaztenean, hilak 9, hasiko dute ikasturtea. Egokitzapena egingo dute.
Ikasturte honetan bederatzi unitate izango ditu eskolak: Haur Hezkuntzan lau talde, eta Lehen Hezkuntzan bost talde 3. eta 4. mailak batera egongo direlako. Irakasleei dagokienean 13 lagunek osatuko dute klaustroa, eta Nora Olabideren faltan Arantxa Espartzak egingo ditu zuzendari lanak.
Haurreskola ere martxan
Barikuan, hilak 4, hasi dute ikasturtea haurreskolako erabiltzaileek. 0-2 urte bitarteko sei umerekin hasiko dute ikasturtea haurreskolan. Hezitzaileak, berriz, bi dira. Urrian zabalduko dute hurrengo izenemate epea haurreskola zerbitzuan.
Egunotan lanean hasita daude bai Herri Eskolako irakasleak bai haurreskolako hezitzaileak.