Marcelo Usabiaga gudaria hil egin da

Ubane Madera 2015ko uzt. 24a, 09:43

Marcelo Usabiaga Elgetako omenaldian (ezkerretik laugarrena da).

Alderdi komunistako militante, Errepublikaren alde borrokatu zuen Marcelo Usabiaga erresistenteak, besteak beste, Intxortan. Hain justu ere, Elgetan izan zen berau, aurtengo apirilean Intxortako lubakietako erresistenteei egindako omenaldian. 99 urterekin hil da, Donostian. Bihar, zapatua, egingo diote azken agurra.

Marcelo Usabiaga familia eta lagun giroan erraustuko dute Donostian, eta PCE-EPK alderdiak haren omenezko ekitaldia egingo du Frankismoaren Biktimen aldeko monumentuan, Donostian, 14:00etan.

Anaia fusilatuta

17 urterekin hasi zuen ibilbide politikoa gudari irundarrak Alderdi Komunistan, 1933. urtean. Errepublikaren defendatzaile irmoa izan zen, hainbat borrokalditan jardundakoa. Anaia Bernardo Usabiaga frankistek fusilatu zuten eta Marcelo Usabiagak berak 20 urte eman zituen diktaduraren kartzelatan, hainbat kartzelatan.

Klandestinitatean ere borrokan

Ihes eginda ere ibili zen, Frantziara ihes egin ere. Hala ere, klandestinitatean segitu zuen borrokan eta berriro ere atxilotu egin zuten. Hendaian egokitutako kontzentrazio eremu batera eraman zuten. Eta hala ere, handik irtendakoan borrokan segitu zuen. Berriro atxilotu zuten eta Burgosko kartzelan 14 urte egin zituen. 1960an irten zen bertatik.

Elgetan

Aurtengo apirilean Elgetan Intxortako erresistenteei egindako omenaldira bertaratu zen Debagoienera, Irundik. Gainontzeko omenduek bezala, Iñigo Arregi eskulturagile arrasatearraren oroigarria jaso zuen eta Elgetako plazan elkartu zirenen omenaldi beroa. Omenaldian bertan parte hartzeaz gainera, milizianoendako antolatutako bazkarian parte hartzeko animoa ere izan zuen ia 100 urte zituen gizonak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak