Jaien inguruko balorazioa egiteko egin zen moduan Udalak galdetegi bat banatu du etxez etxe herritarrek kirol zerbitzuaren inguruan duten iritzia jasotzeko. Erabiltzaileak izan direnei zein izan ez direnei luzatu dizkiete galderak, eta eskatu dute galdetegia uztailaren 22a baino lehen udaletxean entregatzeko. Udaletxean zein elgeta.eus udal atarian dago galdetegia eskuragarri.
Garbitzaileen lan poltsa
Udalak, bestetik, astebete luzatu du garbitzaileen lan poltsa osatzeko izen-emate epea. Interesatuek uztailaren 27ra arteko epea dute izena emateko.
Batzordeak lanean
Hamabi udal batzorde eratu ditu Elgetako EH Bilduk agintaldirako, eta zazpi elkartu dira asteon: Hirigintza eta etxebizitza, ogasuna eta pertsonala, ongizatea eta edadetuak, turismoa, jaiak, hezkuntza, eta kirola. Hainbat gai izan dituzte mahai gainean, besteak beste Udalaren harrera protokoloa, 2015-2016 urteko kirol zerbitzuetako eskaintza, jaien balorazioa, hondakinen kudeaketa edo kontratazio berriak.
Astelehenerako, hilak 20, deitu dute baserritarren eta tokiko garapenerako batzordea, 21:00etan, udaletxean.