Monozikloak, diaboloak, pilotekin edo labanekin malabarismoak... Zirkuko ikuskizunak kalera aterako dituzte Kordobako Los Hermanos Moreno bikoteak Elgetan Ferixa Nagusiko egunean, jaietako azkenengoan. Konpainia horrek Euskal Herrian egingo duen lehen emanaldia izango da domekakoa.
Ume zein nagusi, guztientzat zuzendutako ikuskizuna da Mucho más que circo. eta ordubete inguruko iraupena izango du. Arratsaldeko zazpietatik aurrera ikusi ahal izango da, plazan.
Elgetara etortzeko "gogo handiz" daudela adierazi du Jose Maria Luque Pepeciclok, eta harek zein bere kide Güilik Euskal Herria "oso gustuko" dutela gaineratu du.
Herritarren parte-hartzea
Ikuslegoaren parte hartzea izango da kale-ikuskizun honen ezaugarri garrantzitsuenetariko bat. Haur zein nagusiek Guili eta Pepeciclorekin "eszenatokia" partekatzeko aukera izango dute. "Jendearekin gertutasuna" lortu nahi izaten dute emanaldietan.
Joaten diren tokiaren arabera gidoia moldatzen dute Morenotarrek. "Oraingoan euskaraz hitz batzuk ikasi ditugu", diote.
Umorea nagusi
"Askotan bizitza gogorra bada ere, barre egitea oso garrantzitsua da", dio Jose Maria Luquek. Horregatik, jendea ondo pasaraziko duen antzerkia izango da ikuskizunaren oinarria. Emanaldian ironia eta kritika puntua ere ez da faltako.