Neska-mutikoen gozamenerako goiz berezia izan da gaurkoa. 19:00etako mozorro jaitsierarekin hasiko dira 2015eko Ferixa Nagusiko jaiak, baina kaxkajoaren eta buruhandien etorrerak zirrara berezia eragin dute.
Udalekuetako umeek gertatu dute ekitaldia. Astean zehar makina bat lan egin dute: Kaxkajoa prestatu, herrian kartelak ipini, dantza eta desfilea gertatu... Eta azkenean iritsi da eguna. Arropa koloretsuekin jantzita eta nork bere zarata-instrumentua eskuan herriko kale nagusiak zeharkatu dituzte jaien etorrera iragartzeko.
Plazan amaitu dute kalejira eta buruhandien aurrean ibili dira. Gero etorriko dira mozorroak, brindisa, alkate txikiaren izendapena... eta jaietako gainerako ekitaldi guztiak.
Adi, domekara bitartean festetan daude-eta Elgetan!