Udal arduradunen atzean jaitsiko dira mozorroa prestatu duen herritarrak. Herriko zenbait kuadrillak ez dute hutsik egiten, eta lan handia hartzen dute urtero. Ikusteko dago aurtengorako zer bururatzen zaien. Izan dezatela, aurten, iazkoa baino eguraldia hobea!
Brindisa eta alkate txikia
Herriko plazara iritsitakoan brindisa egingo dute udal arduradunek eta herritarrek, eta eskuz aldatuko da aginte-makila. Alkate txikiak hartu ohi du makila jaietan, eta aurten Uxue Gallastegiri egokitu zaio zeregin hori. Iraitz Lazkanoren eskutik jasoko du aginte-makila, eta jaietako hasierako hitzalditxoa egingo du Gallastegik.
Ongietorria buruhandiei
Gauzak ondo bidean , 12:00etan, udaleku zerbitzuko neska-mutikoek ongietorria egingo diete buruhandiei. Herriko plazan elkartuko dira guztiak, eta, auskalo nondik, herriko hiru buruhandiak agertuko dira: Zezena, Lehoia eta Txintxon. Iaz egin zuten ekintza hori lehenengo aldiz jaiak badatozela iragartzeko.