Ordainsari berdinak eta hamabi udal batzorde agintaldi berrian

Ander Larrañaga 2015ko uzt. 1a, 17:02

Dagoeneko Elgetako udalbatza berriak egin du lehen osoko bilkura. Agintaldi berriko Udalak Udal batzordeen banaketa eta osaketa, erakunde ezberdinetarako ordezkarien izendapena eta ordainsarien zenbatekoak onartu dituzte, besteak beste. Orokorrean, aurreko agintaldian bezala jarraituko du guztiak; aldaketa bakarra, batzorde kopurua izango da. Lehen zazpi ziren; orain, guztira 12 dira.

EH Bilduren udal gobernuak hamabi batzorde izango ditu. "Planteamendua da batzorde gehiago eta laburragoak egitea", esan zuen Iraitz Lazkano alkateak. Oposizioan dagoen Gu Geu Elgetaren proposamena zen antzerako gaiak elkartu eta sei batzorde osatzea. "Praktikoagoa eta herriaren errealitateari egokituagoa iruditzen zaigu", esan zuen Mikel Larrea bozeramaileak. Lazkanok azaldu zuen egokiagoa ikusten zutela gaiak ondo bereiztea. "Hezkuntza eta euskara egon izan dira batera (...) Bada euskaragatik joaten zen jendea joateari utzi egin diona batzordean hezkuntzarekin lotutako gauza pila lantzen zirelako".

Batzordeak hileko bigarren astean egingo dira. Baserritarren batzordea eta ingurumenarena dira salbuespena: hileko lehen astelehenean egingo dituzte. Osoko bilkurak, orain arte moduan, hileko azken martitzenean izango dira, 19:00etan. Guztiak parte hartze irekiarekin.

Agintaldiko ordainsariak

Udal gobernu berriak ez du ordainsarietan aldaketarik aurreikusten. Alkatearen soldata mantendu egingo da: 25.827 euro urtean. Orain arte moduan, talde politiko bakoitzak — bi dira — 40 euro jasoko ditu hilean. Horrekin batera, 30 euro zinegotziko eta 25 euro osoko bilkura bakoitzeko. Batzorde-buruko 35 euro hileko. Salbuespena da alkatea batzorde-buru den kasuetan. horrelakoetan, aurreko agintaldian moduan,  taldeak ez du ordainsaririk jasoko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak