Udalekuetako haurrek haziak erein dituzte, gaur, Elgetako berdegune batean

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko eka. 26a, 12:27

Martitzenean zabaldu zituen ateak Elgetako udaleku zerbitzuak, eta bost astez askotariko ekintzak egingo dituzte herriko 70 bat umek.

Herri txikia da Elgeta, baina udaleku zerbitzuak 70 neska-mutiko hartuko ditu uztailaren 24ra bitartean. Harrera bikaina duen zerbitzua da, eta neska-mutikoek bezain beste baloratzen dute gurasoek. Batez ere umeak oporretan egonagatik lanera joan behar dutenek.

Hamaiketakoa egiten aurkitu ditugu neska-mutikoek 11:30ak aldera. Adinaren arabera taldeka banatuta herriko bost hezitzaile arduratzen dira dinamikak prestatu eta saioak dinamizatzeaz. Txikienak, 2-3 urtekoak, azerien taldekoak dira, nagusiagoek orkatzen taldea osatzen dute, lehenengo eta bigarren mailakoak arranoak dira eta hirugarren mailatik gorakoak, hartzak.

Gaurko zereginetako bat eskola parean dagoen berdegune batean haziak ereitea izan da.

Landareak, ongarri naturalak, eta konposta izan dituzte hizpide aurreko egunetan eta gaur eskolarako bidean duten parke txikian landaketak egitea tokatu da. Lanabesak hartu eta txandaka ortuzain lanetan ibili dira. Nagusienek zuloak egin dituzten atzurrekin, eta txikienek dilistak, txitxirioak eta babarrunak erein dituzte. Konpostarekin ongarritu, zuloa lurrarekin ondo estali, ureztatu eta kitto lana!

Herriko jaiak prestatzea izango da datorren asteko zeregina udalekuetako neska-mutikoendako. Mozorroa prestatu behar da baita kaxkajoaren ongietorria ere, Jaien ostean etorriko dira urteroko entzierroa, Landa urtegirako irteera edo zirko tailerra. Nork ez luke udalekuetako neska-mutiko izan nahi?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak