Polito joan da gaurko dantza saioa. Herri Egunaren aurretik egin duten azkena eta berezia izan da. Zuzeneko musikarekin eta frontoian egin dute.
Neska-mutikoak izan dira lehenengoak ikuskizuna osatuko duten dantza guztiak egiten. Irati Kortabitarteren eta Xabat Leanizbarrutiaren gidaritzapean saio osoa egin dute hasieratik amaierara arte. Ondo egindakoak txalotu eta zuzentzeko daudenak errepasatu egin dituzte.
Urteroko askaria izan dute, ondoren, neska-mutikoek.
Bi korporazio dantzan
Helduen txanda etorri da gero. Iaz lehenengo aldiz egindako soka-dantzak jarraipena izango du aurten, eta egungo zein aurreko udal ordezkariek egingo dute dantzan. Soka-dantzaren bitartez, gainera, udal arduren eskualdatzea irudikatuko dute. Soka-dantzaren hasieran Oxel Erostarbe da gidaria, baina Iraitz Lazkanok eskaintzen dio aurreskua herriari. Hortik aurrera Lazkano da soka-dantzaren gidaria.
Ikusle eta guzti egin dute azken prestaketa saioa udal arduradunek, eta birritan errepikatu dute dantza. Jakin dugu soilik hiru saio egin dituztela soka-dantza prestatzeko. Emaitza ez dago batere gaizki.