Polita izan da, aurten ere, San Juan bezpera Elgetan. Kiroldegiko parkean elkartu dira herritarrak eta Maala Guraso elkarteak banatutako ogitartekoekin hasi dira ekintza nagusiak. Ogitartekoa jasotzearekin bat entzun dira Amaia Txintxurretaren saioko lehen akordeak, eta kantxan gustura egin dute dantzan adin guztietako neska-mutikoek.
San Juan sua
Baina sua pizteko unea zen gazteek irrika handienarekin itxaroten zuten unea, eta iritsi da hori ere. Umeek piztu dute sua eta aurten zuziekin gerturatu dute sua aurreko egunetan gertatutako egur eta kartoi pilora.
Adarra eskuan, Iraitz Lazkano alkateak eman dio hasiera ekitaldiari: bi bider jo du adarra. Txandaka neska-mutikoek su eman diote piloari. Laster hartu du suak.
Berehala egin dituzte aldamenean su txikiago bi. Urtero legez su horien gainetik egin dute salto horrela nahi izan duten txikiek zein handiek.
Festari amaiera emateko piroteknia sorta bota du Bolatokiko Jose Monterrosok. Txaloak jaso ditu.
Bada San Juan suaren inguruan elkartu eta kantua abestu duenik ere.
San Juan San Juan berde,
sugiak eta zapuak erre,
artua eta garixa gorde,
Biba San Juan berde!