Udala gaur hasiko da hamabi orriko esku-programa etxez etxe banatzen. Iazko erretratu lehiaketako argazki irabazlea da esku-programaren azala; Eneritz Larrearen argazkia, hain zuzen ere. Barruko orrietan iazko lehiaketara aurkeztutako beste hainbat daude ikusgai.
Ondotik datoz jai batzordearen agurra, aurtengo erretratu lehiaketaren nondik norakoak, egitaraua eta iazko jaietako argazkiak. "Danondako moduko jaixak egitten ahalegindu gara", dio jai batzordeak bere agurrean.
Aurreko urteetan moduan esku-programak jaietako aurrekontua ere jasotzen du. Aurreikusten den gastua 32.146 eurokoa izatea eta sarrerak, berriz, 9.157 euro.
Txartelak salgai
Eguenean afaria antolatu dute gaztetxetik. Prezioa da zortzi euro eta menua da oilaskoa, entsalada, patatak, postrea eta sagardoa. Interesatuek ekainaren 30a aurretik eman behar dute izena Haizea tabernan edo elgetakogaztetxia@gmail.com helbide elektronikoan.
Barikurako dago antolatuta umeen bazkaria. Iñaki jatetxeko jangelan egingo dute aurten, eta txartelak bertan dituzte salgai. Prezioa da sei euro eta menua pasta, oilaskoa eta izozkia.
Zapatuko paella janerako txartelak ere salgai daude dagoeneko Julian Markiegiren kioskoan lau eurotan.