Arrakasta polita izan dute Beheko Kaleko jaietako bizikleta abilezia probek

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko eka. 20a, 10:56
Hodei Uzuriaga saria eskuratzeko ahaleginean.

Bigarren urtez jaiak egin dituzte Elgetako Torrealdea auzoan. 40 bat lagun elkartu ziren afaltzera eta Gauargi taldearen erromeriarekin luzatu zuten festa.

Bizikleta lasterketa zegoen iragarrita aurtengo Torrealdea auzoko jaietan, eta 10 urtetik beherako hamabost bat neska-mutiko agertu ziren atzo puntual. Auzoan gertatutako zirkuituari hiru itzuli eman eta aldapan gora amaitzen zen lasterketa. Txalo artean Urko Lozanok gurutzatu zuen helmuga lehenengo.

Hurrengoa abilezia proba izan zen. Hainbat sari zintzilik eta makila handi bat. Egitekoa, bizikleta gainean gerturatu eta makila eraztunean sartuta oparia lurrera botatzea. Polita izan zen proba. Ikustekoa.

Amaitutakoan Zezena, Lehoia eta Txintxon buruhandiak izan ziren protagonista.

Musika eta afaria

Amaia Txintxurretaren DJ saioak hartu zuen lekukoa 19:00etan. Gustura egin zuten dantza neska-mutikoek. Goikoetxe harategiak emandako afaria ere ondo sartu zitzaien mahaiaren bueltan elkartutako 40 bat lagunei. Festak Gauardi taldearen erromeriarekin luzatu zuten auzotarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak