Arrakasta handiko ikuskizuna izan ohi da Herri Eskolako ikasturte amaierako ikuskizuna, eta aurten ere horrela izan da. Guraso, aitona-amona, izeba-osaba... umeak dantzan ikustea gauza polita da eta hasi aurretik bete dira gaurkoan ere eserleku guztiak.
Intxorta FM irratiaren saioa egin dute neska-mutikoek. Seigarren mailako ikasleak gidatutako irratsaioa izan da, eta txikienetatik hasita hainbat kantu eta dantza ikusteko aukera izan da. Riki-Riki, Glu eta Glu, Binbili Bonbolo, Michael Jackon... Ingelesezko kantuak, magia trikimailuak eta txisteak ere egon dira.
Seigarren mailakoei agurra
Ikasturte amaierako ikuskizunak balio izaten du, baita ere, hurrengo ikasturtean herritik kanpora ikasiko duten ikasleei agurra egiteko. Oroigarri bana jaso dute ikaskideak izan diren bosgarren mailakoen eskutik, eta malko bat edo beste ere isuri dute.
Esan gabe doa publikoa gogoz txalotu duela neska-mutikoen ikuskizuna. Argazki eta bideo kamerak ere ez dira falta izan.