Ekainaren 22a, astelehena, izango da ikasturteko azken eskola eguna Elgetako neska-mutikoendako. Goizeko jarduna izango du azken eskola egunak, eta egun hori baliatuko dute Maala Guraso elkarteak ikasleendako eta irakasleendako ematen duen bazkaria egiteko.
Jaialdia barikuan
Jardun berezia izango da, baita ere, barikukoa. Ikasturte amaierako jaialdia egingo dute neska-mutikoek Espaloia kafe antzokian. Dantzan eta kantuan egingo dute. Badira aste batzuk ikuskizuna prestatzen ari direla, eta saio irekia izango da barikukoa. Hurrengo ikasturtean Elgetatik kanpo ikasiko duten 6. mailako ikasleendako agurreko saioa ere izango da.