Elgetako Xalbadorpe erretiratuen elkarteak bi urten behin egin ohi du 80 urtetik gorakoendako bazkaria. Aurtengoan, 70 bat lagun gonbidatu dituzte eta 40 bat elkartu dituzte mahaiaren bueltan.
Dotore jantzita ikusi ditugu protagonistak, eta pozik gurko bazkaria berezia baita. Lehenengo eta behin meza entzun dute horrela nahi izan dutenek, eta ondotik talde argazkia atera dute Herriko plazako eskaileretan. Ozkarbi elkartean gertatu diete bazkaria, eta bertara egin dute argazkia atera ostean.
Nagusienak nortzuk diren galdetutakoan ez du inork zalantzarik izan; Olaegi baserriko Josefina Askasibar esan dute. "96 urte ditu eta 97 egingo ditu abenduan", zehaztu dute. Josefina ez da argazkian ageri. "Bazkaltzera etortzekoa da, baina ez da oraindik iritsi", esan digute. "Etorriko da noski!".
Gizonezko nagusienaren kasuan zalantza gehiago izan dituzte: "Miguel Elkoro izango da?", galdetzen zioten elkarri. Baietz erabaki dute azkenean. Miguel Elkoro, 91 urtekoa. Argazkiaren eskumako aldean ageri da txapela beltzarekin eta jertse urdin ilunarekin.
Mahaiaren bueltan kontu kontari ariko dira orain oraingo eta aspaldiko pasadizoak gogora ekartzen. Bazkaria ederra dute; Ozkarbi elkarteko erretiratuek mimo handiz prestatutakoa.