Elgetako EH Bilduk bost zinegotzi izango ditu agintaldi berrian, eta biharko inbestidura saioan —12:00etan, udaletxean— kargua hartuko dute Iraitz Lazkanok, Agurtzane Alkaldek, Mikel Elkorok, Janire Lazkanok, eta Sebastian Arantzabalek.
Gu Geu Elgeta plataformari lau zinegotzi dagozkio, baina zerrendaburu Nerea Villak kargu hartzea atzeratzea erabaki du lan kontuak tarteko. Hala, Iratxe Bravok, Eduardo Zubiaurrek eta Mikel Larreak hartuko dute kargua.
Aldaketa nabarmenak
Aurreko agintaldiko zinegotzi bakarrak errepikatuko du udalbatzan; EH Bilduko Janire Lazkanok. Bestalde, azken 39 urteotan Elgetako hautetsi izandako Patxi Basaurik ez du kargurik hartuko. Basaurik 30 urte zituen lehenengoz alkate izendatu zutenean, Oxel Erostarbek 28 zituen, eta Iraitz Lazkanok 27 urterekin hartuko du kargua. Agintaldi honetan Debagoieneko alkate gazteena izango da.
Ekitaldiaren nondik norakoak
Inbestidura ekitaldiko lehenengo urratsa Adineko Mahaia osatzea izango da. Janire Lazkanok (25 urte) eta Sebastian Arantzabalek (54 urte) osatuko dute. Jarraian, hautetsiek kargua hartuko dute zin eginez. Udala eratutzat emango da zinegotziek kargua hartutakoan.
Ondoren etorriko da alkate berria izendatzeko bozketa. Boto gehien eskuratzen dituen alkategaiak jasoko du Elgetako aginte-makila Oxel Erostarberen eskutik.