Hauteskundeak pasa ondoren bi lan bilera egin dituzte Elgetako EH Bildu koalizioak eta Gu Geu Elgeta plataformak. Udal gobernuaren osaketa eta batzordeen ardura banaketa izan dituzte bertan aztergai.
Gaur jakinarazi dute Gu Geu Elgeta plataformatik EH Bilduri dagokiola gobernu ardura. "Ehun botoko aldea kontuan izanik uste dugu EH Bilduri dagokiola gobernu ardura". Esan dute lanarekin erantzungo diotela elgetarrek emandako babesari eta batzorde guztietan hartuko dutela parte, proposamenak eramango dituztela bertara eta jarraipen zorrotza egingo diotela EH Bilduren gobernu jardunari. Beste behin elgetarrengandik jasotako erantzuna eskertu dute.
Gu Geu Elgetatik jakinarazi dute, baita ere, zerrendaburu Nerea Villak ez duela momentuz kargua hartuko. Lan kontuak tarteko aurrerago hartuko duela. Tarte horretan Mikel Larreak egingo ditu bozeramaile lanak.
EH Bilduren balorazioa
Elgetako EH Bilduk azaldu du egindako bigarren bileran jakinarazi duela Gu Geu Elgetak elkarlanerako luzatutako proposamenari uko egiten ziola. "Udal gobernuan parte hartzera animatu genituen, batzorde ezberdinak kudeatuz. Batzorde hauek zeintzuk izan zitezkeen hitz egiteko prest geunden, inolako aurre-baldintzarik gabe", azaldu dute. "Bigarren bileran, Gu Geu Elgetako ordezkariek, batzordeen koordinazio ardurarik hartuko ez zutela jakinarazi ziguten, eta elkarlanerako luzatutako proposamenari uko egiten ziotela, beraz".
Udal gobernua eta erabakimena herritarrena izateko helburua dutela azaltzen dute EH Bildutik. "Herritarrak izan behar dira gobernu, herritarrak alkate. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu lan hauetan, hobeto. Programan puntu asko antzekoak genituenez, zentzuzkoa iruditzen zitzaigun talde bion artean lanari ekitea, alderdikeriak baztertuta. EH Bilduren helburua elkarlanean eta guztion artean gobernatzea da, eta batez ere herritarrekin: horretarako prest geunden eta prest gaude", esan dute.