Lehia estua izan dela esan dute epaimahaiko kideek, baina, aurten ere Manu Sarasuak eta Bedoña Ardantzak gertatu dute gisaturik goxoena lehiaketan. Sei kuadrilla aritu dira nor baino nor 10:30ean hasita. Helburua zen hamar lagunendako gisatua prestatzea, eta beste taldeena baino goxoagoa izatea, noski.
Gustura zeuden Sarasua eta Ardantza saria jaso ostean. "Sekreturik bat ere ez", zioen Sarasuak. "Betiko moduan egin dugu guk gisatua". Gazteek ikasi beharra ote duten galdetuta Ardantzak irribarre egiten zuen: "Esan digute badugula erretiratzeko garaia!". Izan ere bigarren aldiz jarraian irabazten dute lehen saria Xalbadorpeko ordezkariek.
Olla Express barik izeneko taldekoek irabazi dute bigarren saria. "Denboraz larri ibili gara baina normala presio-eltze barik egin dugula kontuan hartuta", zioen Iñigo Ibaibarriagak. "Horrela egiten dugu urtero, filosofia bat da". Ibaibarriagarekin batera lapiko artean ibili dira taldean Mikel Irazabal eta Maite Barrainkua.
Faka Faka taldeak egin du hirugarren, 90210 taldeak laugarren, Mustioak taldeak bosgarren eta Hamar Ardau Zale taldekoek seigarren.
Jai giroan jarraitu du Kuadrilla Egunak. Parte hartzaileek plazan bazkaldu dute, eta Haitzama taldearen erromeria izan dute bazkalostean.
Sailkapena
1. Xalbadorpe. 69 puntu
2. Olla Express Barik. 63 puntu
3. Faka-Faka. 52 puntu
4. 90210. 46 puntu
5. Mustioak. 52 puntu
6. Hamar Ardau Zale. 42 puntu