Neska-mutikoen pilota jaialdia egin zuen atzo Ozkarbi elkarteak

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko eka. 6a, 12:00

Elgetako elkarteak 50. urteurreneko ekitaldiak iragarri ditu aste bukaerarako; bihar, domeka, mendi irteera, argazki erakusketa, dantza ikuskizuna eta bazkaria egingo dituzte.

Ozkarbi elkarteak hamarkadetan izan duen pilota saila izan zuten atzo gogoan Elgetan. Neska-mutikoen arteko pilota partiduak egin zituzten frontoian. Urteetan pilota saileko arduradun izan den Juan Luis Ubera izan zen antolatzaile nagusia eta beste hainbat lagunen laguntzarekin partidu sorta polita eskaini zuten jaialdian.

Elgetako sei bat mutiko aritu ziren kantxan eta horiekin batera Soraluzetik zein Zaldibartik etorritako pilotari gazteak. Harmailetatik senitartekoen zein ikusleen txaloak jaso zituzten.

Binakako norgehiagokak izan ziren guztiak bat kenduta, eta bikoteak egiteko nahastu egin zituzten herri ezberdinetako jokalariak. Bikoteka izan ez zen partidu bakarra bereziki polita izan zen: bi pilotarik baten kontra jokatu zuten. Ikusmina sortu zuen.

Jaialdiaren amaieran afari merienda izan zuten neska-mutikoek.

Domeka ekitaldi gehiago

Domekarako mendi irteera proposatu dute Ozkarbitik. 09:30ean elkartuko dira Ozkarbipean eta parte hartzaileen adinaren arabera erabakiko dute ibilbidea. Ekintza horrekin Ozkarbiko mendi sailetik egindako lana izango dute gogoan.

Ozkarbiko dantza eta musika sailak ere oso garrantzitsuak izan dira. Argazki eta jantzi erakusketa egingo dute domekan, 12:00etan, plazan. Jantziak erakusteko, gainera, jantzi egingo dituzte herriko hainbat neska-mutiko. Eta dantza saioetako nagusien taldeak emanaldia egingo du 13:00etan.

Ehiza eta arrantza sailak ere martxa handia izan du hamarkadetan, 1974tik 2003ra bitartean. Ehun lizentzia tramitatzera iritsi izan dira eta herri mailako zein lurralde mailako ehiza txakur txapelketak antolatzen zituzten. Baita plater-tiro txapelketak ere. Materiala egongo da ikusgai plazan.

Musika Jose Gardokiren ardura izango da. Txikiteoa, bazkaria eta erromeria egingo ditu Beñat Leanizbarrutia lagun duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak