Uztailean, sormen tailerra hamar urtetik gorako neska-mutikoendako

Larraitz Zeberio Lekuona 2015eko ekainaren 3a

Maite Barrainkua, atzo, Berraondoko bere tailerrean.

Urtebete da Maite Barrainkua tailerra prestatzen ari dela. Berraondokoan hartu du lokala eta bere asmoa da salmentarako zeramika artikuluak egitea. Elgetan bizi den atxondoarra da Maite, eta arte ederrak eta barne diseinua ikasi ditu. Interesgarria iruditu zaio herrian sormen tailerrak egitea.

Uztailerako egin du lehen proposamena: hamar urtetik gorako neska-mutikoendako hiruzpalau orduko sormen tailerra, goizez. Jorratuko dituzte zeramika, marrazketa, argazkigintza, bideogintza... "Diziplina anitzeko sormen toki bat izango da non askotariko teknikak eta modalitateak nahasteko aukera egongo den", azaldu du Barrainkuak. Asmoa da nork bere gustuko diziplinak egitea, eta batez ere sormena lantzea. Prezioa, asteko, 40 euro da. "Taldekako zein bakarkako proiektuak egin ahal izango dira. Nik gidari edo aholkulari lanak egingo ditut".

Aritutakoa da Barrainkua. Elorrioko ludotekan zein Arrasateko gaztelekuan hartu emana izan du umeekin zein gazteekin eta sormena lantzea oso garrantzitsua deritzo. "Artea eta sormena gutxietsita daude orokorrean eta sormena landu beharreko erreminta garrantzitsua da. Edozein eremu edo irakasgaitan erabili beharrekoa". Gehiago dio Barrainkuak: "Sormena plastika ikasgaian lantzen da, baina askotan ez da ondo aprobetxatzen. Garrantzia gutxi ematen zaio gaiari edo prestatu gabeko irakasleek ematen dute".

Uztaileko tailerrean interesatuen gustuak hartuko ditu kontuan Barrainkuak proiektuak proposatzerako orduan. Hasiera batean gaztetxoendako da tailerra baina ez da proposamen itxia. Helduagoak edo luzaroagoan sormena landu nahi izanez gero zabalik daude Berraondoko tailerreko ateak.

Batzarra ekainaren 12an

Batzarra antolatu du Barrainkuak uztaileko tailerren berri emateko. Ekainaren 12an egingo du, 18:30ean, tailerrean. Asmoa da interesatuak elkartu, tailerra erakutsi eta zalantzak argitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak