Usoak, kartak, pertsonak... denetik agertu eta desagertu da Elgetako Magia Mostrako galan

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mai. 30a, 22:54
Lautaro magoa gaurko galan usoekin magia egiten.

Domekan, umeendako magia tailerrak eta kalez kaleko magia ikuskizunak izango dituzte XI. Magia Mostrari amaiera emateko.

Lautaro magoa izan da magia gala zabaltzeko arduraduna. Bost uso atera ditu auskalo nondik, eta bere ikuskizunaren amaieran berriz desagertarazi ditu. Kartekin ere sinesgaitzak diren gauzak egin ditu. Bakarka zein multzoka etorri eta joan egin dira atzamar artetik.

Nuel Galan mago gazteak hartu dio lekukoa. Eszenaratze atsegin eta lotsagabearekin laster poltsikoratu ditu ikusleak. Galako bere lehen saioan karta manipulazioa egin du, guztia umorez ondo jantzita.

Los Taps bikoteak umoretik jarraitu du. Bikote nahiko esperpentikoa, usoekin hasi dute saioa baina jantzien aldaketa ikusgarriak bezain azkarrak zur eta lur utzi dituzte ikusleak.

Nuel Galan itzuli da, orduan, taula gainera. Bizikleta batekin lagunduta CDak atera ditu handik eta hemen. Bi, lau, sei edo zortzi... agertu eta desagertu egin dira bere esku artetik eta kolorez ere aldatzen ikusi ditu publikoak.

Galako azken ikuskizuna Mag Marin magoak egin du. Hegan ibili duen kutxa batetik laguntzailea atera du. Izar arrantzan ere ibili da. Eta saioari amaiera emateko lau ikusle igo ditu taula gainera. Dantzan jarri ditu laurak eta barre algara handiak eragin ditu ikuskizunak. Guztia, aurretik paper batean idatzitako zenbaki bat asmatzeko. Eta lortu du!

Protagonista asko izan ditu, aurten ere, Elgetako Magia Mostrak. Publikoak bertatik bertara ikusi ditu magoak lanean. Bestetik, gala aurten 19:00etan egin dute, eta horrek eragina izan du publikoaren adinean. Aurreko edizioetan baino publiko gazteagoa izan da aretoan, eta haiek ere protagonista izan dira. Galdetu bestela Eki edo Xabierri! Aurkezpen lanak egin dituen Adrian Conderen laguntzaile izan dira. 

 

Erlazionatuak

Magia Mostra Elgetan 2015

Leire Kortabarria 2015 mai 31 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak