Eskerrak eman ditu Oxel Erostarbe alkateak atzo egindako agintaldiko azken osoko bilkuran

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mai. 20a, 14:24

Txabolen errolda eta Hezkuntza saileko laguntzak izan zituzten, besteak beste, mahai gainean. Esker oneko mezuarekin amaitu zuen osoko bilkura Erostarbek.

Agintaldiko azken osoko bilkura izan zen atzokoa Elgetan. Agurreko osoko bilkura batez ere Oxel Erostarbe eta haren lantaldearendako zein Elgetako udaletxean 39 urteko ibilbidea egin duen Patxi Basaurirendako.

Udalbatzako bederatzi zinegotziekin egin zuten osoko bilkura; Elgetako Bilduko hiru ordezkariak Libre elkartasun kamiseta edo zapia soinean zutela.

Lehenengo eta behin gai zerrendako puntuak izan zituzten aztergai. Udalak gertu dauka herriko txabolen errolda. Hiru multzotan sailkatu dituzte eta asmoa da hurrengo urtean hastea horien gaineko zergaren kobrantzarekin. Erroldaren onarpena, dena den, mahai gainean utzi zuten eta hurrengo udalbatzak helduko dio gaiari.

Diru-laguntzak Hezkuntza sailetik

Oxel Erostarbe alkateak bi diru-laguntzaren berri eman zuen. Hezkuntza sailak 13.500 euroko diru-lerroa onartu du Herri Eskolako bi urteko gela handitzeko egindako lanak ordaintzeko. Eta beste 13.600 euroko dirulaguntza etorriko da Elgetara eskolatik eskatuta dauzkaten hainbat hobekuntza egiteko.

Txirrindulari elkartearen ekarpena

Eta gaurko albistea da Elgetako txirrindulari elkarteak amaitutzat ematen duela bere ibilbidea. Errelebo faltan herriari emango diote kontu korrontean gelditu zaien diru kopurua, 3.503 euro, hain zuzen ere. Eskatu dute diru hori gazte mailako kirol jardueratan inbertitzeko.

Agurreko mezua

Formalki azkena izan den osoko bilkurari amaiera emateko agurreko hitzak izan zituen Oxel Erostarbe alkateak. Eskerrak ematen hasi zen. Eskerrak udaletxeko langileei, Elgeta herri bizi egiten duten elkarteei eta herritarrei, eta baita ere zortzi urteotan batzordeburu ardurak hartuta herriaren alde lan egin duten zinegotziei.

"Egindako elkarlanaren ondorioz Elgetak aurrera egin du zortzi urte honetan. Egoera ekonomikoak ez lagundu arren, auzolana ardatz hartuta proiektu eta ekimen garrantzitsuak eraman ditugu aurrera. Parte hartzeari dagokionean eredu bat izan da Elgeta. Horregatik denagatik mila esker. Bukatzeko, esaten dan moduan, ondo egindakoak kontuan hartu eta gaizki egindakoak barkatu. Bizitza ez da gaur bukatzen, seguru aurrerago ere elkartuko garela han eta hemen Elgetaren alde lanean", esan zuen.

Atzokoa agurreko osoko bilkura izan zen, baita ere, udal jardunean 39 urte eman dituen Patxi Basaurirendako. Ez zuen agurreko hitzik esan. Esan zuen, hasiz gero baduela 700 orriko liburua idazteko beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak