Ederki ibili dira Elgetan kantuan eta dantzan

Ibarrekoek ez ezik, Eibartik, Bilbotik eta Balmasedatik etorritakoek ere hartu dute parte Debagoieneko Kantu eta Dantza Egunean.

Indarrak hartzeko eta elkar ezagutzeko eguerdi partean mokadutxoa eginaz hasi da gaur Elgetan egin duten Debagoieneko Kantu eta Dantza Eguna.

Eta behin giroan sartuta, herriko plazan abestu dituzte lehen doinuak. Balmasedako Nafarroa Kantu Taldekoek jarri diote musika egunari, eta euren gidaritzapean, gogoz eta sentimenduz kantatu dute 170 pertsona inguruk. Kantaldia baina, ez da herriko plazara mugatu, kalez kale ere ibili dira-eta.

Espaloian bazkaldu ostean, dantzen ordua heldu da. Lehenengo Jose Gardokirekin eta Beñat Leanizbarrutiarekin egin dute dantzaldia, eta gero, Patxi Monteroren gidaritzapean eta Jainaga eta Narbaitza trikitilariekin, Herrixa Dantzan saioa egin dute.

Antolatzaile lanetan ibili den Patxi Basauriren esanetan, jendea oso gustura geratu da egunak eman duenarekin, eta espero dute datorren urtean ekimenak jarraipena izatea.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.