Martxan da Elgetako baratze parkea, eta atzo arratsaldean erabiltzaileek Kimu Bat enpresaren furgo-baratzearen lehen bisita izan zuten.
Landare eta hazi ekologikoak ekarri zituen furgo-baratzeak, eta lehen landaketak egiteko aukera izan zuten ortuzainek. Lehen argibideak ere jaso zituzten Kimu Bat enpresako Mitxel Igarataundiren eskutik.
Zapatuan ikastaroa
"Mendiko baratze-zaintza egin behar da hemen", azaltzen du Igarataundik. "Garaiak, esaterako, aldatu egiten dira. Badira hamabost bat egun Zarautzen lehen tomateak eta piperrak landatu dituztela. Hemen goizegi litzateke".
Zaintza ekologikoa egin behar da Elgetako baratze parkean eta zapatu goizean lau bat orduko ikastaroa jasoko dute erabiltzaileek. "Ekologikoak ez du aparteko zaintzarik eskatzen. Orain 50 urte arte landutako legez lantzea bakarrik", aurreratu du Igarataundik. "Oinarriak dira lurra ongarritzeko ongarri naturalak erabiltzen direla —konposta edo zimaurra—, eta gero produktu edo abonu kimikorik ez dela erabiltzen. Teknikari dagokionean errotazioa eta horrelakoak erabiltzen dira".