Gaur, maiatzak 8, bi ipuin saio izango dituzte Elgetako udal liburutegian. Hiru urtetik gorako neska-mutikoendako izango da lehenengoa, 17:25ean. Ekimenak Ipuinen Ordua du izena eta herriko kontalari boluntarioekin egiten den kontaketa sortaren baitan sartzen da. Sarrera irekia da, eta saioa 18:00etan amaituko da.
Helduendako ipuinak 22:00etan hasiko dira. Annabel Muro eta Roman Marzana kontalariek gidatuko dute Amor, sexo y otras historietas izenburua duen saioa, euskaraz zein gazteleraz. Sarrera, kasu honetan ere, irekia da.
Euskal mitologia ardatz
Hurrengo asterako, berriz, euskal mitologia izango dute ardatz liburutegitik iragarri dituzten bi ekintza berezietan. Urola aldeko ipuinak, kondairak, pasadizoak nahiz sinesmen zaharrak ekarriko ditu Elgetara Gurutz Garmendiak. Mendez-mende belaunaldiz-belaunaldi kontatu izan diren kontuak izango dira.
Astelehenean, hilak 11, mitologia tailerra egingo du 19:00etan liburutegian. Sarrera irekia izango da. Eta, barikuan, 18:00etan, txikiendako nahiz handiendako ipuin kontaketa egingo du Garmendiak.